Bloga

«Keep ON KLIK han» 20 URTE. Argazki erakusketa intxaurrondoko kulturetxean, Donostia.

kartela_JUXE


“ Keep ON KLIK han” (20 URTE)

Argazki erakusketa berri bat prestatzen azken egunotan.Berriro ere ordu asko
laborategiaren iluntasunean, nola edo hala une zehatz batean ikusi, entzun, sentitu
eta bizitutakoa paperean islatu nahiean.Perfekzioaren atzetik musika beti
bidelagun bakarra eta lehialena.Ordulariaren mezu akustikoak ere gertu, denbora
tarte zehatzak markatzen soinu bidez, denbora aurrera doan heinean
denbora neurtzen azken finean. Zoragarriak berriz ere denboraz kanpo gela
ilun honetan bizitutako uneak.Sarritan nahiago bidearen edertasuna helmuga bera baino…….

J.A.Areta Goñi (JUXE)

KEEP-FB

INT-FB-1

INTX-FB-2

LABORATEGIA WEB BIF

NOM-FB

KU-fb-4

GUADALUPE PLATA-

BORROKAN-

THE POSIES-

BURN IN HELL-

THE SEE SEE-

BULLET PROOF LOVERS-

SONIC TRASH-

JOHN PAUL KEITH

MOBYDICK BAND-

THE LOOKERS-

«Keep ON KLIK han» 20 Urte
ARGAZKI ERAKUSKETA – J.A. Areta Goñi (JUXE) –

Oso jende gutxi dago Euskal Herrian 20 urtetan zehar astero-astero Euskal Herriko kontzertu areto, Gaztetxe eta bestelakoetan barrena bertako zein atzerriko taldeei argazkiak egiten hain modu iraunkor eta ia ikustezinean aritu (eta aritzen) denik. Ez dago beste inor, gehituko nuke nik. J. A. Areta Goñi ‘Juxe’ (Errenteria, 1968) da lan hori hartu duen bakarra eta mimo zein profesionaltasun handiz egiten du, gainera. Baina berak ez luke lana deituko, zaletasun hori aspalditik barren-barrenean sartutako pasioa baitu.

Eta modu ikustezinean aipatu dut, kontzertu bat ikustera joaterakoan ez dugulako ikusleok ezta musika taldeek Juxe han dagoenik antzematen. Dagoeneko rock eszenako paisaia eta parte garrantzitsua da, bere izaeragatik, musika taldeetako partaideetako asko eta asko ezagutzen dituelako eta agertoki aurrean inor baino hobeto mugitzen dakielako.

Juxek bakarrik daki zenbat argazki dituen bilduta; berak bakarrik daki zenbat kontzertutan egon den, zenbat musikari ezagutu dituen eta zenbat tona erretraturen artean egiten dituen aukeraketak bere laborategi txiki baina emankorrean.

Hala, bere bildumari esker ezin hobeto neurtu daiteke Euskal Herriak azken bi hamarkadatan rock-and-roll, punk-rock, soul, post-rock eta beste hainbat estilo indartsu eta esanguratsuetan eman duen uzta emankorra. Eta ez hori bakarrik; baita ere kanpotarrei beti ongietorri beroa egin dien lurralde honetatik pasa diren luxuzko ehunka eta ehunka talderen testigantza ere, hedabide handien itzalean egonik, Juxe modukoengatik ez balitz ahaztu ahal izango genuena.

Argazkietako askok agertokian, bere esentzian, musika taldeek duten indarra/feelinga/ja-rrera/hurbiltasuna/magnetismoa… azken finean esentzia jasotzen dute, hori baita beraien gotorlekua, habitat purua. Baina, badira, musika talde horiek hurbilago, testuinguru eta egoera desberdinetan erretratatu eta horien beste alderdi batzuk azaleratzen dituzten argazkiak ere, beti ere irudikatzeko zailagoak direnak. Horretan ere zorretan gaude Juxekin, aipatutako paisaiaren parte izatearen ondorioz talde horien bidelagun bihurtuta, taldeak eurak bere osotasunean erakutsi ahal dizkigulako entsegu lokaletan, agertoki atzean, kalean zein biratan murgilduta daudela. Irudi horietako asko bertako zein kanpoko taldeek promozio lanetarako erabiliak dira. Horrek guztiak osotasuna ematen dio musika talde horien ‘erretratatzeari’.

Juxek luzaroan lan egin du era analogikoan eta egindako argazki gehienak zuri-beltzekoak dira, argi eta gerizpeekin asko jokatzen du. Horrez gain, gustuko du gauza desberdinak probatu eta neurri batean esperimentatzea. Hala, film eta euskarri mota desberdinak tartekatzen ditu, neurri desberdinekoak eta banan-banan landutako kopia bakarrak ematen ditu ezagutzera, beti ere zinez mimatutakoak. Badira baita ere oihalean inprimatutakoak zein aspaldi honetan formato digitalean egindako zenbait argazki koloredun ere.

Juxek ez ditu inoiz bi erakusketa berdin egin eta izugarri dauka oraindik erakusteko: bere bildumaren lagin bat bakarrik ikusi ahal izan dugulako eta uneoro talde berriak deskubritzen eta ezagutarazten jarraitzen duelako. Juxek berak azaldu izan duen bezala, dokumentu hau pertseberantziaz, lekukotasunaz, begipuntua beti so, une konkretua bilatuz eta batez ere jarreraz zabaltzen doa.

Iker Barandiaran.

Author Description

No Responses to “«Keep ON KLIK han» 20 URTE. Argazki erakusketa intxaurrondoko kulturetxean, Donostia.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *


*